2013-11-27

Orain arte egin dugunaren balorazioa

Urte eta erdiko ibilbidea egin du Altzan barruti bat osatzeko AHMk bultzatutako ahaleginak, eta egindakoaren balorazioa egiteko unea bada. Izan ere, 2012ko ekainean oinarriak bazeuden ahalegin horri ekiteko, baina kontzienteak ere baginen ahalegin hori denboran mugatua behar zuela izan, gaiaren izaera berak gurea bezalako elkarte baten helburuetatik areago doalako.

Azken udal hauteskundeek koiuntura politiko berri baten aurrean jarri gintuzten: alkate igeldotarra -“herriak eta auzoak” hitzetik hortzera erabiltzen zuena-, hiritarren parte hartzea, eta abar. Horrez gain, udalbatzarrak, EAJ alderdiak proposatuz, Altzan barruti bat sortzeko udal batzorde baten sorrera onartu zuen, Martin Ibabe zinegotzi altzatarra buru zuela. Koiuntura, beraz, aldekoa zirudien 2005. urtean  arduradun  politikoek  geldiarazi  zuten  Ekialdea  Barrutia eskaerari –elkarte talde batek, AHM barne, bultzatuta– berriro heltzeko.


AHMren batzordeak bi fase aurreikusi zituen barrutiaren gaia aurrera eramateko: lehen fase batean, AHM-n barruko lana gauzatuko zen elkartearen ikuspuntua definitzeko, eta bigarren fase batean proposamen horren gizarteratzea burutuko litzateke.

Lehen bilera 2012ko ekainaren 7an izan zen, eta hogeita bost lagunek hartu zuten parte. Eztabaida zabaltzea eta lan talde bat osatzea ziren lehen bilera horren asmo nagusiak. Horretarako, dosier bat prestatu zen funtsezko dokumentu sorta batekin, proposamenaren lehen zirriborroa idazteko balioko zuena.

Bilera horretan, eta bilera horretatik sortutako batzordearen bileretan ere, presen egon ziren Altzaren udalerri izaera aldarrikatzen zuten aldeko iritziak, baina nolabait errealismo politikoa aintzat hartuaz esku artean geneukan barrutiaren ideiaren inguruan zentratzea deliberatu zen.

Zortzi bat lagunez osaturiko lan talde bat osatu zen AHMren proposamena idazteko. Lan taldea hiru alditan bildu zen. Bileretan hainbat dokumentu erabili ziren –Zubietako esperientzian oinarritutako dokumentuak besteak beste, zehaztasun handietan sartzen zirenak–, eta azkenean oinarrizko ardatzak definituko zuen idatzi batean zentratu zen. Azkenean, idatzi labur bat onartu zen Altza barrutiak bete beharko zituen oinarriekin.

Horrela, bigarren faseari heldu genion: idazkia udaletxean erregistratu eta bazkideen artean postaz banatu ondoren, blogaren bitartez zabaldu eta prentsara bidali zen.

Lehen erantzuna udal gobernutik eta PSE alderditik etorri zen, bilera bana eskatuz.

Udal gobernuaren izenean Axier Jaka bildu zen gurekin Donostiako udaletxean. Haiek prest zeudela Altzan barruti bat sortzeko altzatarrek hori nahi zutela adierazten bazuten.

PSEko ordezkariekin Altzan alderdiak duen Herriko Etxean bildu ginen. Bileran Ernesto Gasco eta Miguel Ángel Díez zinegotziek parte hartu zuten. Besteak beste, bileran aurreko jarrerekin iritzi aldaketa agertu zuten, alegia, lehen ez zeuden barrutien alde eta orain bai. Haien iritziz, Donostian bi barruti baino gehiago sortu beharko lirateke, Altza soilik barrutia izatea kaltegarria izango baitzen.

EAJrekin Donostiako udaletxean bildu ginen, Martin Ibabe zinegotziarekin. Bere alderdian ez ziren hiria barrutietan banatzearen alde, baina Altzaren kasuan, arrazoi historikoak medio, salbuespena egiteko prest zeuden eta, horregatik egin zuten Altza barrutiaren alde.

Laugarren bilera bat egin genuen PP alderdiaren zinegotziekin, José Luis Arrúe eta Ramón Gomezekin, Donostiako udaletxean. Haiek beti egon direla hiriak barrutietan antolatzearen alde: 2003. urteko legea tramitatu zenean Donostiako zinegotziek defendatu zuten eta lortu Donostiaren tamainako hiriak ere barrutien antolaketa sistema barruan sartzea. Oso landua zeukaten gaia eta bakarrak dira funtzionamendurako proposamen zehatz bat daukatena. Haiek prestatutako erregelamendua pasa ziguten. Barruti kopuruaren inguruan hitz egiteko prest zeuden, baina garbi zeukaten bi baino gehiago izan beharko liratekeela.

Bilera sorta honekin amaitzeko, Bilduko Axier Jaka zinegotziarekin eta Josepa Rodriguez aholkulariarekin bildu ginen Casaresen. Jakak, udal gobernuaren izenean lehen bileran esan ziguna berretsi zuen, hau da, haien planteamendua barrutien antolaketa eredutik oso urruti zegoela, baina prest zeuden Altzak eskatuz gero barruti bat onartzeko Altzan.

Alderdi eta talde politikoekin bildu ondoren atera genituen lehen ondorioak hauek izan ziren: haien artean ezberdintasun handiak zeudela eta oso gutxi landua. Horrekin batera, garbi geratu zitzaigun epe labur batean ez bazen aurrerapen bat ematen, oso zaila izango zela legealdi honetan zerbait lortzea.

Alderdiekin bildu ondoren, eta bigarren faserako jarritako helburuei helduz, auzo elkarteekin biltzera ekin genion.

Bilerak Martutenen, Intxaurrondon, Altzagainan eta Bidebietan egin ziren.

Deialdia postaz egin zen gure datu-basean dauzkagun elkarte guztiei eta blogaren bitartez ere bai. Erantzuna eskasa izan zen: Martutenen, auzo elkarteko ordezkari bat azaldu zen; IZBEko bi ordezkari Intxaurrondon; Altzagainan, Aterpea, Osteguna eta Gazte Asanbladako ordezkariekin bildu ginen; Bidebietako bileran gure batzordeko partaideak bildu ziren.

Bileretan AHMren idatziaren edukiak aztertu ziren -barrutien legalitatea, Altzaren lurraldetasuna, hiri gobernuaren deszentralizazioa, hiritarren partehartzea, auzoen arteko artikulazioa eta departamenduen arteko koordinazioa-, eta mota askotako ekarpenak egin ziren. Oro har, iritzi kritikoa zegoen udal ordezkari politikoen gai honetan izan duen jokabidearekin, legea ez betetzeaz gain, hiritarron partehartzea baztertu baitute gai garrantzitsuetan, hala nola auzoen banaketan, aurreko legealdian onartua eta oraingoan berretsita. Horrez gain, udal talde politikoen partetik ez da informazioa eskaini gai honetan duten jarrerari buruz eta barrutiari buruz sortu zuten batzordeak ez du apenas lanik egin.

Bilera horien ondorioz, irailean eskabide bat erregistratu zen udaletxean udalak gai honetan duen erantzukizuna bere gain har dezan. Eskabide horrek elkarte hauek babesa jaso zuen: Molinao Auzo Elkartea, IZBE-Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkartea, Herripe Auzo Elkartea, Euskal Giroa Kirol Elkartea, Altzako Gazte Asanblada, Nao Etxea Jubilatuen Etxea, Altza Herria Kirol Taldea, Bizarrain Kultur Elkartea, Herrera Kirol Elkartea, Altzako Historia Mintegia, Aterpea Jubilatuak eta Pentsiodunak, Altza XXI Herri Ekimena, Elkartasuna Auzo Elkartea.

Elkarteen artean barrutiaren gaia bultzatzeko talde bat sortzea, bileren helburuetako bat ez zen lortu.

Puntu honetara helduta, parte hartu duten guztien artean biltzea, baloratzea eta aurrera begira erabakiak hartzea da hurrengo urratsa. Horretarako deialdi bat egin da azaroaren 27an biltzeko, Altzako udaletxean. Deialdiarekin kointzidituz, udal batzordearen lehendakariaren gonbidapena jaso dugu haiekin biltzeko azaroaren 29an:

Altzako  Historia Mintegia ( a.h.m.),

Telefonoz hitz egin dugun bezala, azaroaren 29an, ostirala, arratsaldeko 18:00 atan Altza Barrutiko batzordea konbokatuko dut. Bere momentuan hitz egin genuen bezala, eta zuen eskaera kontuan hartuta, gustatuko litzaidake zuek bilera horretan parte hartzea.
Nire asmoa izango litzateke monografiko bat egitea eta zuen agerraldiaren ondoren alderdi politikoek zuei galderak eta planteamenduak egitea

Konbidapen hau onartuko duzuelakoan

besterik gabe, jaso ezazue agur bero bat,

Martin


Bilera horretara eramango dena 27ko bileratik aterako da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario