2013-12-06

Elkarteen bilera (2013-12-18)

Lagunak,

Pasa den azaroaren 27an bilera bat egin genuen azken urtebete eta erdi pasatxo honetan Altzako barrutia sortzearen alde egin dugun ibilbidearen balorazio bat egiteko. Ibilbide horretan emandako azken urratsa Donostiako udaletxean idatzi bat erregistratzea izan da, hamahiru elkartek sinatuta, non udal talde politikoei Altzako barrutiari buruzko udal batzordean egin duten lanaren berri eman dezatela eskatzen zaien eta, aldi berean, hiritarren partehartzea ahalbideratuko duen prozesu bat abiarazi zezatela eskatuz.


Idatzi horri eman dioten erantzuna udal batzordearen presidentearen eskutik etorri da eta azaroaren 29an batzordearen bileran parte hartzera sinatzaileen ordezkaritza bati gonbidatuz eta udal batzordean bertan gure planteamenduak azal ditzagun.

Oso kritikoak gara udal batzordeak egin duen lanarekin –edo, hobe esanda, batzordeak egin ez duten lanarekin-, eta batez ere udal talde politikoen eta udal gobernuak auzokide altzatarrekin eduki duten jarrerarekin, besteak beste, gure eguneroko bizimoduan zuzen-zuzenean eragina duten erabakiak hartzeko unean auzokideak baztertuz. Horren erakusgarriak dira, adibidez, auzoen berrantolaketarekin gertatu dena, non, beste aldrebeskerien artean, Herrera hiru zatitan banatu duten, edota Pasaiako udalak Altzarekin egin nahi duen burugabekeria galanta, altzatarroi haien asmakuntza historikoa inposatzen saiatuz Diputazioaren konplizitatearekin.

Gure ustez, ezin gara geldirik geratu zer gertatuko den edo zer egingo duten zain, eta premiazkoa da altzatarrok eduki dezagun gure esku erakunde bat –barrutia izan daiteke–, hainbat erabaki hartzeko eskumena deszentralizatzeko, auzokideen parte hartzea ziurtatzeko, gure auzoak elkarren artean antolatzeko, eta udal zerbitzu eta departamentuen arteko koordinaketa errazteko.

Planteamendu honetan sakontzeko eta jarraipena emateko, idatzia sinatu zenuten elkarteei deia zabaltzen dizuegu datorren abenduaren 18an, asteazkena, arratsaldeko 19:00etan bilera bat egiteko Altzako udaletxean. Biltzeko gonbidapen hau zabalik dago gainontzeko elkarteei, bakoitzak bere arloan –kultura, kirola, auzokoa, gaztedia, jubilatuak…- egiten duen lanetaz areago, elkarteen arteko elkarlana eta koordinaketa ezinbesteko ikusten duten elkarteei alegia.

Bileran udal batzordearekin egindako bileraren balorazioa egingo da eta aurrera jarraitzeko lan-talde bat eratuko da.

Jakin badakigu gu guztiontzat esfortzu handia dela denboraren tarte bat hartzea gure auzoetako arazoak elkarren artean jorratzeko, baina ziur gaude ahalegina merezi duela.

Adiorik ez.

Altza barrutiaren aldeko batzordea

No hay comentarios:

Publicar un comentario