2014-11-05

AHMren jarrera Barrutiaren inguruan

Dakizuenez, 2011. urtetik hona gure elkartea buru-belarri aritu da 2005. urtean bide bazterrean geratu zen Altzarentzako barruti baten eskaera berpiztearen alde.

Barrutiaren formulak dituen mugaz jabeturik, horrelako erakunde politiko-administratibo baten sorrera, gure ustez, altzatarrentzat garrantzitsuak diren hainbat eta hainbat gai modu parte hartzaile eta deszentralizatu batez bideratzeko aukera bat izan zitekeen, une honetan existitzen ez dena.

Aldi berean, garbi ikusten genuen horrelako eskaera batek gizartearen ahalik eta babes zabalena eta anitzena eduki behar zuela, eta, gure muga guztiekin, horren bila jardun dugu denbora tarte horretan.

Jakina denez, gure elkartearen lan eremua kultura da, eta gizartea bezalaxe, politikoki anitza. Horregatik, barrutia bezalako gai politiko honetan murgildu ginenean, ez genuen nahi politikak gure jarduera baldintza zezan eta gure parte hartzeari hurrengo udal hauteskunde kanpaina jarri genion epemuga gisa. Oraindik hilabete batzuk falta dira horretarako, baina, itxura denez, talde politikoak honez gero bere mugimenduak egiten hasi dira aipatutako hauteskundeei begira eta dagoeneko ikusi dugu barrutiaren gaia enfrentamendurako erabiliko dela. Ondorioz, eszenatoki politikotik aldenduko gara.

Hala ere, orain arte bezala, dagokigun lan eremutik Altzarentzat garrantzitsuak iruditzen zaizkigun gaietaz gure ikuspuntua eskaintzen jarraituko dugu, hala nola Altzaren historia eta lurraldetasunari buruz, edota ondare materialaren eta inmateriaralaren babesarekin zerikusirik duten gaiei buruz. Ez gara orain luzatuko azalduz ez gaudela batere ados indarrean dagoen auzoen banaketarekin –hiritarren partehartzerik gabe udalak gauzatuta–, ezta udal gobernuak erabili duen partehartze planak utzi digun etsipena adieraziz, edota nabarmenduz nola mugen kontuan isilik egon den denbora guzti honetan Diputazioko bulegoetan Pasaiako udalak egin dituen maniobra politikoen aurrean.

Ez, sinpleki, argi eta garbi utzi nahi dugu Altzako hiritarren aldetik badagoela eskaera garbi bat deszentralizazioaren alde, altzatarrei beraienak diren gaiei buruzko erabakiak hartzeko gaitasuna aitortu behar zaigula, arestian aipatu ditugunak barne daudelarik.

Amaitzeko, bene-benetan eskerrak eman nahi dizkiogu urte hauetan gurekin bere denbora eta iritziak partekatu dituztenei. Ziur gaude aurrerantzean beste behin elkartuko garela.

No hay comentarios:

Publicar un comentario