2014-04-08

Altza-Ekialde Barrutia

Orain dela bederatzi urte, 2005. urtean, elkarte talde batek hiriko ekialdean barruti bat eratzeko aldarrikapena egin genuen, baina orduko udalak bidea itxi egin zion erabat proposamenari.

Gaur egun garai horretan bezala pentsatzen dugu: Ekialdeko auzoek, historia bera partekatzeaz gain, hiri barruan berezko nortasuna duen gizarte-eremu bat osatzen dute, elkarbizitzan eta asoziazionismoan eredugarri.
Joan den 2011n, udalbatzak Altzan barruti bat sortzearen inguruan batzorde bat eratzeko erabakia hartu zuen. Udalaren erabaki horrek erabateko jarrera aldaketa ekarri zuen eta Ekialde barrutia proposamenari berriro heltzeko aukera eman digu.

Horrela, Altzan hamahiru elkarteren babesarekin lan talde bat osatu genuen Udal Batzordearen paraleloan, eta 2013. urtean idatzi bat erregistratu genuen Udalak egiazko prozesu parte hartzaile eta deszentralizatzaile bat ahalbideratu dezala eskatuz.

Gure iritziz, barruti bat sortzeak honetarako balio beharko luke:

1.    Hiritarren egiazko parte hartzea ahalbideratzeko, hiritarren eta udal ordezkarien arteko komunikazioa erraztuz eta auzokideen arteko kohesio soziala indartuz.
2.    Hiria eta erabakitzeko guneak deszentralizatzeko, batez ere barrutiari dagokion arloetan,  hiriko aurrekontuak eta proiektuak egiteko garaian.
3.    Barrutiko auzoen arteko giltzadura osatzeko, eta, ahal den neurrian, Donostiako  auzoekin eta beste udalerriko auzo mugakideekin ere bai.
4.    Udal departamentuen arteko koordinazioa eta elkar-lana errazteko, barrutiari lotutako gaietan.

Altza-Ekialde barrutia sortzeko hartu behar dituen erabakiak lehenbailehen onar ditzala eskatzen diogu Donostiako udal talde politiko guztiei, ez dezatela erabakia gehiago atzeratu, eta, aldi berean, gainontzeko elkarte eta auzokideei eskaera honi beraien babesa ematera gonbidatzen ditugu.


Altza, 2014ko apirilaren 9a


No hay comentarios:

Publicar un comentario